Modulua - UNRWA

Gaurkoan, UNRWA elkarteko bi kide etorri zaizkigu gelara hitzaldi bat ematera. Elkarte hau Ekialde Hurbileko Palestinar iheslariei laguntzeko Nazio Batuen agentzia bat da. Hitzaldi honen bitartez, Palestinako egoera ezagutzeko aukera izan dugu. Jaiotzez bertakoa den mutil bat ere etorri zaigu bere bizipen eta jasandako zorigaitzak kontatzera.

Hasteko, taldeka jarri eta emakume palestinarra entzutean burura etortzen zaigun irudia marraztu dugu. Beste gelakideekin marrazkiak elkarbanatzean, konturatu gara gehienak antzeko irudiak marraztu ditugula, denak aurreiritziz jositakoak. Ondoren, Miriamek Palestinaren gaur egungo egoera eta historian zehar jasan dituen aldaketak azaldu dizkigu. Honekin batera, gure aurreiritzien zergati handi bat komunikabideek gaiaren inguruan ematen duten irudiaren ondorio dela ohartu gara.

Bigarren zatian, Mohamedek hartu du hitza. Bera palestinarra da eta bere bizipenak elkarbanatu dizkigu, bere herrialdeak jasandako okupazioak eta hauen zergatiak ere argitu ditu. Bizitako gertaera batzuk azaldu dizkigu, non militarren bortizkeria eta biolentzia agertzen diren. Azalpen hauek entzuteak benetako errealitatea gertutik ezagutzen lagundu digu.

Hitzaldi hau baliagarria izan zaigu aurreiritziak alde batera uzteko eta palestinarren egoera gordinaz jabetzeko. Mohameden esperientzien bitartez gaur egun oraindik arrazakeriak duen indarraz ere ohartu gara, bere hitzek benetan hunkitu gaituzte. 


Comentarios